XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denak, sukaldeko mahai inguruan zeuden zutik.

Leihotik 142. Kalea ikusten zen.

Elurra ari zuen, espaloi gainean begiz ezin jo ahala eta zentinelen antzera ileran lerrokaturik zeuden zabormeta jelatuen gainean.

Jackson eta Imabelle gela txar batean bizi ziren, pasiloaren muturrean.

Etxekoandrea lanera joana zen eta gainontzeko maizterrak kanpoan ziren.

Pisu osoa zeukaten nahi zutena egiteko.

Hala, bada, Jacksonek emandako hamar dolarreko ehun eta berrogeitamar bilete haiek, 100 dolarreko beste hainbeste bilete bihurtzeko lanari erasotzeko prest zegoen Hank.

Han zen Jackson adi-adi begira nola biltzen zuen Hankek bilete bakoitza paper kimiko batean, nola sartzen zuen, ondoren, bildutakoa petardoaren antza zuen kartoizko tubo batean, eta azkenik, nola pilatzen zituen tuboak erosi berria zen gas-sukaldeko labe barruan.

Jacksonen begiak gorrituz zihoazen mesfidantzaren eraginez.

- Seguru zaude paper ona erabiltzen ari zarela?

- Egongo ez nauk, ba! Neuk egindako papera duk-eta! -Hankek.

Munduan Hank zen bileteen balioa haunditzeko papera zeukan bakarra.

Paper horren formula berak asmatua zen.

Halere, Jacksonek ez zion begirik kentzen Hank egiten ari zen edozein keinuri.

Buru atzea ere, ederki asko miatu zion Hanki, berau dirua labean sartzeko jiratu zenean.

- Hi ez apuratu, pottolo -Imabellek, bere beso beltzaran, leun hura Jacksonen lutoz jantzitako sorbaldatik pasaz-.

Badakik ezin duela kale egin horrek.

Lehen ere ikusi duk lantxo hau egiten.